ETA ERAKUNDEAREN AGIRIA.
      GARA eta EUSKALDUNON EGUNKARIANn agertuta 2001eko apirilaren 15a.


      ABERRI EGUNEKO EUSKADI TA ASKATASUNAREN AGIRIA EUSKAL HERRIARI

      «Aberri Eguna, egun seinalatua euskal herritarrontzat, gure aberria aske, duin eta zutik ikusi nahi dugun guztiontzat. Egun seinalatua, baina tamalgarria ere izan da urte luzetan zehar. Herri zanpatua, iraindua, gutxitua eta zangopilatua baita gurea. Luzaroan euskal herritarrok gure aberriarekiko maitasuna isilpean eta lotsaz gordetzeko ohitura izan dugu. Eta orain ere aro moderno eta teknologikoan lotsaizunerako ei da aberria maitatzea eta aberriarekiko konpromisoa azken bururaino eramatea, erromantizismoa, atzerakoikeria.

      Nortzuk izango modernismo faltsu horren aitzakiaz euskal abertzaleak gure herriarekiko maitasunaren agerpen eta konpromisorik txikiena ere trufa eta irainerako erabiltzen dituztenak eta Frantziaren «grandeur» eta «Gran España»ren fanatismo irrazionala gehien kultibatzen duten horiexek!

      Euskadi Ta Askatasuna erakundean garenok ez dugu lotsarik guretzat egun guztiak «aberri egun» direla aitortzeko; inolako harrokeriarik gabe, norberaren konpromisoan oinarrituta bizitza bera arriskuan jartzerainoko urratsa egiten dutenen apaltasunez diogu. Egunero eta egun guztian zehar bizitzaren gazi-gozoak euskal herritar oso gisa bizitzeko pribilegioa baitugu.

      Aberri Eguna, aldiz, aitzakia aproposa da gure bizia eta gure bizitza Euskal Herriaren eta gizarte zuzen baten alde ematen dugunontzat, beste behin ere gure herriari begirada maitakorra zuzenduz ETAn borrokatzea erabaki genuen egun zirraragarria gogoan hartzeko.

      Zenbat herritar, hazienda, bizitza xehatu dituzte gure herrien etsaiek. Herriaren bihotza izozteraino sartu dute izua etsaiek. Eta «domuit vascones» bakoitzaren ondoan, «lingua navarrorum» gurearen lurrinaz gozaturik, azken sugarretik beti altxatu da aske izan nahi duen gizartea, herria, euskararen herri xehea, handikien ezintasunaren irudia eta etsenplua den herri borrokalaria, Euskal Herria.

      Izu hori gaindituz, norberaren barneko grinari eta zuzentasunari erantzunez engaiatu gara Euskadi Ta Askatasuna erakundean. Euskal Herria eta gure arteko hitzordu isilean, nehork ikusi ez gaituen une horretan, proposamena egin digun kidearen aurrean, burua tente, ezkerreko ukabila ortzerantz tinko estutu dugu eta ''''Eusko Gudariak''''en doinua buruan «Gora Euskal Herria Askatuta!» eta «Gora Euskal Herria Sozialista!» oihukatu diogu iraganari, orainari eta etorkizunari.

      Gure bihotz-begietan daude Euskal Herriaren mendi, bailara, itsasbazter, basamortu eta herri eta hiriak. Gure gogoan bidean armak eskutan hil zaizkigun burkideak, konpromiso isilean inork jakin gabe joan zaizkigun gudari zintzoak, bizitzaren eta nekearen errotak xehatuta gure herriari bizkar eman dioten erkideen oroitza ere gordetzen dugu. Guztiak izan zirelako gara-eta. Eta garelako dakigu izango direla.

      Gauden lekuan gaudela Euskal Herria dago gugan. Euskal Herria, presarik gabeko herria, mende eta milurtekoen gaindi gaur arteraino bizirik eta bizi-nahi sakonez ekarri duguna. Denbora bere alde duen herria da gurea, bere baitan baitarama denbora.

      Burkideok ziega zokoan, jipoiturik eta umiliaturik gaude. Burkideok Euskal Herritik milaka eta milaka kilometrora deserriturik urik gabeko landareak bezala gaude. Burkideok gure kabuz onartutako itxialdian gaude borrokara lotzeko unearen esperoan. Burkideok, armak eskutan, gure herria zanpatzen dutenei mezu argia emanez ari gara: utz dezatela gure herria bakean bere kabuz eraikitzen eta bizitzen, ez garela umilduko, ez garela amilduko. Burkideok, azken finean, giltzapean, deserrian, esperoan, borrokan... jadanik euskal herritar askeak gara, aske izanen den herri baten aurrekari biziak.

      Euskal Herriaren hondamendia mendetako zanpaketaren ondorioz handia izan da. Belaunaldiz belaunaldi gure gizartearen, kulturaren, ohituren, bizitzeko eta antolatzeko moduen xehaketa planifikatua jasan dugu.

      Gure askatasunaren azken arrastoak desagertzeraino iritsi zen etsaia, euskara bizitza publikotik desagertarazi eta euskal izatearen azken arrastoak ezabatzeko puntuan egon ziren, Euskal Herriaren lurraldeetan espainiar eta frantziar biztanle «bitxiak» izango ez ginenak baino ez uzteko asmoa zuten.

      60. hamarkadan abiarazitako berpizkundearen ondorioz, lehendabizi, gure herria bizirauteko tresna batzuk berreskuratu genituen. Horien artean behinena, herri duintasuna, herri izateko nahia. Ezker abertzaleak, hau da, abertzale izate sakonetik gizarte zuzen baten aldeko konpromisoa hartu duen giza-taldeak, grinaz, borondatez eta eskuzabaltasunez munduko bi estatu boteretsuenen erdian, Europa moderno eta garatuenaren bihotzean apurka- apurka berriro ere herri bat izango denaren zutabeak zutunik jartzeraino altxatu ditu. Hor gaude.

      Gure herriaren borrokaren zurrunbiloan murgildurik gaudelarik eta batez ere Erakundeak 1998ko irailean abiarazi zuen ekimeneko lehen hilabeteetako giroarekin alderatuz gero, herritar askok laino ilunez beterik dakusa ortzea. Baina ikuspegi luzeagoz aztertu behar dugu egin- dako bidea eta baikor izateko arrazoiak eta datuak ugariak dira, urteotan ezker abertzaleak Alternatiba Demokratikoa garatzearekin alternatiba zehatza eta eginkorra abian ezarri baitu.

      Hemen gaude. Ez soilik herio-hurrenetik larri-larri esnatutako herri gisa, baizik eta berriro ere arnas sakonez gizartearen aurrerakadan lagunduko duen herri-proiektu gisa ere.

      Joan deneko egun batean 36ko gerraren ondorioz atzerriaren bidea hartzera behartuta egon zen gudari baten ilobak, euskara galdua duenak, besoetan hartu zuen herriaren naziotasuna bereganatua duenak, galdera hau pausatu zion ETAren burkide bati: «Erraidazu nolatan den posible, nire aittitek bere bizitza bere herriarentzat eman duelarik eta ni bere oinordeko izanik, ez dudan gure herrian inolako eskubide politikorik, ezin dudan bozkatu, eta, aldiz, gure herriaren etsaiek edo besterik gabe lana topatzeko beharrak eraginda gure herrian dauden atzerritarrek gure herrian nork agindu dezakeen erabakitzeko ahalmena duten?».

      Burkideak erantzun zion: «Zure egoera injustoa da, noski, baina, ez dezazula pentsa euskal herritar guztiok ere zu bezala ez gaudenik. Azken finean ez baitugu askatasunez erabakitzeko ahalmena, frantses ala espainol gisa soilik erabaki dezakegu gure herriari inposatutako instituzioetan nork aginduko duen. Euskal Herrian eskubide guztiak erdiesterakoan eskuratuko dugu, zurekin batera, guztioi dagokiguna. Bitartean, borroka dago eta lana, euskal herritar gisa bizitzeko borroka eta lana, eta gozamena».

      Ezker abertzaleak du egun Euskal Herriaren giltza eskuetan. Baina giltza hori ez da apaingarri gisa horma batean zintzilikatzeko. Erremintariaren labean berotutako giltza da, etsaiaren mailukaden pean indartutako giltza da, eskuetan hartzerakoan goritasunaren goritasunez erreko ote gaituen beldurra ematen duen giltza da. Horregatik izan behar dugu ausart, eskuetan hartu eta askatasunaren atearen zerrailan irekitzen asmatu arte erabili beharko dugu, eskuak erre eta belzten zaizkigunean ere tinko oratuz.

      Euskal Herrian, 2001eko apirilaren Aberri Egunean

      Euskadi Ta Askatasuna E.T.A.

      Índice home